Behin emaitza jasota, eta emaitzarenki ados ez bagaude, erreklamazioa jar dezakegu HABEren webgunean (https://www.habe.euskadi.eus/convocatoria-abierta/webhabe00-edukiak/es/).
Dena den, noiz jarri behar da erreklamazioa? Eta zer erreklamatu ahal dut?
NOIZ?
Erreklamazioa emaitza atera eta hurrengo 3 egunetan jarri behar da. Adibidez, emaitza abenduaren 16an, astelehena, argitaratu bada, ostegunera arte, abenduak 19, izango dut erreklamazioa idazteko aukera. Hainbat lekutan egin daiteke: BAKQ erabilita (telematikoa), bulegoetan (HABE edo ZUZENEAN) edota posta helbidea erabilita (posta ziurtatuz bidaliko dira HABEren Erregistro Orokorrera: Vitoria-Gasteiz kalea 3, 6. 20018 Donostia).
ZER ERREKLAMATU?
Erreklamazioa egitean honako puntua hauek izan behar ditugu kontuan:
- Ez dugu gure bizitza pertsonala kontatu behar: urte asko daramatzagula ikasten, asko alegintzen garela… Azterketan egin genuena erreklamatu behar dugu.
- Azterketan 5 atal ebaluatzen dira: egokitasuna (eskatutakoa erantzun dugun), koherentzia eta kohesioa (ideiak ondo lotuta eta mailakatuta dauden), jarioa (diskurtsoaren abiadura eta naturaltasuna), aberastasuna (ditugun hizkuntza baliaideak) eta zuzentasuna (egiten ditugun akatsak).
- Normalean zuzentasuna izaten da “ez gai” emaitza lortzeko arrazoia. Entzun audioa berriro eta identifikatu egindako akatsak, ea esaten duguna ulertzen den ala ez, edota autozuzenketak egin ditugun. Hots, kendu garrantzia egindako akatsei.
- Esandakoa ondo antolatu baduzu, eskatu koherentzia eta kohesioaren atala igotzeko. Gauza bera egin dezakegu jarioarekin.
- Garrantzitsuena, audioan entzuten diren gauzei erreferentzia egin, ez bestelako gauzei.
- Ez egin erreferentzia zuen bikoteari: ez esan berak txarrago edo hobeto egin duela, ez dakigu zein izan den bere emaitza.
- Begiratu denbora tarteak errespetatu direla (C1): 4:30-5:00 minutu bakarrizketan; 0:30-1:00 minutu galderan; 8:00-10:00 minutu elkarrizketan. Guztira 20 minutuko audio izan behar da. Elkarrizketa hasi aurretik tarte bat utzi behar digute gaia irakurtzeko, ia minutu bat.
Amaitzeko, kontuan izan behar da emaitza hori jada 2 aztertzailek jarri digutela. Beraz, zaila izango da hirugarren batek emaitza aldatzea, hau da, oso erreklamazio gutxi aldatzen dira. 12 edo 12 baino gutxiago lortu baduzu, seguruena da zure erreklamazioarekin ezer ez lortzea. 15etik gora lortu baduzu, ez erreklamatu nota igotzea.